Hasiera
Itsasargiek eta bestelako itsas seinaleek garrantzi handiko zeregina izan dute lur azaleraren %70 urak estalia duen gure mundu honen historian. Haien jatorriak nabigazioaren berberetara eta merkataritzarako bide berriak urratzeko lehen esplorazioetara garamatza.
Itsasargiek darabiltzaten argi tarte, eten eta koloreei esker jakin dezakete itsasontziek zein itsasargi ikusten ari diren eta beraz nongo kostaldearen parean dauden. Urte asko eta asko dira nabigatzaileei ematen dietela kostaldekiko lotura, gidaritza, segurtasuna, areago, konpainia ere. Berrinkuntza teknologikoa nagusi den garaion, satelite bidezko nabigazio sistemak direla eta, zalantzan jarri da itsasargiek kostaldeko nabigazioan duten protagonismoa. Aurrerapen teknologiko berriek nabarmenago egiten dute haien bakardade eta isolamendua. Hala eta guztiz ere, gaueko nabigazioan lehengo egitekoa betetzen jarraitzen dute itsasargiek. Hantxe segitzen dute, tokirik hoberenetan, estrategikoenetan, ikusgarrienetan. Eta ez dute hutsik egingo. Segurtasunaren, sendotasunaren eta iraunkortasunaren sinbolo dira, ezinbestekoak, itsasoari eta haren baitan gordetzen diren misterio amaigabeei begira.
Euskal kostaldean, oso ordu gutxitan, aise pasatzen da itsasoa bare egotetik ekaitzera. Euskal kostaldean, batetik labarrak direla, bestetik itsaso haserrea dela, bi indar neurrigabeok maiz tupust egiten dute elkar, bien muga-mugan dauden itsasargien begiradapean. Itsasargia bietarik da, itsaso eta lehor. Ia beti eremu bakarti, lakar, basatietan, bakearen eta tentsioaren orekan. Gurean, euskal geografiaren mugarri baitezpadakoak izan ohi dira: Landetako hondartzen lautada iparraldean utzirik, Aturriko barra arriskutsutik Galea muturreraino joango gara, Higer eta Matxitxakoko lurmuturren barna, baina baita Biarritzeko eta Donostiako hondartza hiritar eta kosmopoliten ondoan eraikita egonagatik nortasun handia duten itsasargietan zehar, Getariako sagu bitxia ahaztu gabe.
Arkitekturaren ale baliotsuak, kontraste gehien eta historia eta istorio oparoen dituen lerro-lerroan kokatuak. Gerren eta naufragioen lekuko, hamaika anekdotaren protagonista. Orain, geuri dagokigu balioestea eta aldarrikatzea haien historia, itsasargiek ondare arkeologiko-industrial gisa duten izaera babestu eta zain dezagun. Web gune honetako edukien hedapenaren bitartez horren aldeko prozesuaren partaide izatea espero dugu.
Mundua eraikinez mukuru dago;
baina bakan batzuek baizik ez dituzte hormak
gainditzen, eta gure irudimenari zimiko egiten.
Itsasargia dugu, ezbairik gabe, adibiderik onena
Marcos Díez Manrique
Mugaz gaindiko izaeraz
Euskal kostaldeko itsasargiek, mugaren alde batean nahiz bestean, itsaso berbera kontrolatzen dute, Kantauri itsasoa, Atlantiko ozeano berbera, Golko berbera, bi izen -Bizkaikoa edo Gaskoiniakoa- izanagatik ere. Kantabriar eta Piriniar mendi-kate malkarren eraginpean dagoen itsasoa da, non, udaran ipar-mendebaldeko haizeak eta udazken eta neguan ipar-mendebaldeko eta hego-mendebaldekoak nagusi direnez, ekaitz itzelak sortzen diren. Euskal Herrian, bada, itsasargiak ezinbesteko tresnak zaizkio nabigazioari.
Beraz, ez da harrigarri web honek penintsularen eta kontinentearen arteko ur-zoko borbortsu hau neurritzat hartu eta mugaz gaindiko itsas panorama aurkeztu nahi izana, Getxotik Angelukorainoko itsasargiak gidari ditugula.
Izan ere, itsasoan ez dago mugarik, eta itsastarrei ez zaie ezein itsas seinalerik arrotz. Itsasargiek ontzi eta eskifaia guztiei egiten diete argi eta abegi, nazionalitateari edo nondik norako politiko zein sozialei inolako jaramonik egin gabe. Hortaz, mugaz gaindikoa baino, mugarik gabea izateko filosofiak inspiratu du proiektu hau.