eus | cas | fra 

Angelu Biarritz Sokoa Higer Senokozulua La Plata Santa Clara Igeldo Getaria Zumaia lekeitio matxitxako Gorliz Punta Galea

Gertaldiak


Galea muturra

1880/8/6
Bilboko egunkari batek dioenez, arrantzale bati harrigarrizko bitxikeria gertatu zaio Areetan. Arestian, aparejua uretara bota eta aingira txiki batek heldu zion; uraren azalean harrapatzear zuen une berean, beste aingira bat, oso handia, abaildu zitzaion txikiari, eta mokadu batez jan, eta orduantxe, 40 edo 50 liberako itsas aingira bat agertu eta berak ere bigarren aingira irentsi. Arrantzaleak itsas aingirari eusteko ahaleginak eta bi eginagatik, azkenean aparejua hautsi eta ihes egitea lortu zuen, amua, jandako aingira biak eta guzti.
Bilboko lankideak aipatzen duen itsas aingira hori kontserbadorea izango zen.

1895/1/4
DENBORALEA
Hiriburu honetan sentitu den denborale zakarra orokorra izan da Espainia osoan, toki ez gutxitan biktima eta kalte ugariak eraginak baititu.
- Donostian baporeek eta txalupek ezin dute portua utzi.
Hain da indartsua haizea ezen eraikitzen ari zen etxe bateko horma bat ere bota baitu.
Egun osoan hotz handia eta elurra mara-mara egin du.
- Bilbon urte asko dira oraingoa bezalako denboralerik ez zela nozitzen.
Euria eta txingorra egiten du, etenik gabe.
Ibaizabal bete-beterik jaisten da.
Urakanaren indarraren indarrez, pasabideko txalupa batek tirabira egin du, eta txaluparia itota hil da. Koitaduak alarguna eta hiru ume utzi ditu.
Itsasoak eraso egin die Bilboko olatu-hormaren obrei, eta hondamendi batzuk eragin.
Bilboko beste txalupari batek, arraun egiteaz erabat unaturik, sinkopea jasan du, eta ospitalera eroanda, bertan hil da.
Castro Urdiales eta Salta Caballo artean dagoen kaia urak arrastaka eraman eta hondoratua da.
Galerak ez dira nolanahikoak. Bilboko bokalean arrisku handian egona da “Carolin” bapore-ontzia, Santanderrera zihoala Bilbon sartzean saiatu denean.
Bapore-ontziak Algorta parean aingurak bota eta galdu egin zituen.
Uhinek zubia alderik alde igarotzen zuten; baina, maniobra trebe bati esker, barkuak barra zeharkatu eta Portugaleteko kaietan ainguratu ahal izan du .

Gorliz

 1882/2/8
Bilbotik idazten dutenez, asteazken goizean, Desertuan ainguratua dagoen Liverpooleko Wyen de leff bapore-ontzian hil zen Darío Res, bertako marinela, Sevanseakoa (Ingalaterra), ezkondua eta berrogei urtekoa, zamatzen ari zen meazko harri konkor itzela buru gainera erorita.

Matxitxako

HERRILANEN ALDIZKARIA. (PDF)- Itsas argikuntza
Matxitxakoko itsasargia eredu handi bat da, lehen mailako itsasargi bat.
Felix Uhagon jauna da proiektuaren ardura izan duen ingeniaria, bai eta obraren zuzendaria ere.
Haren kokatzeko, lurmuturrak puntarik irtenenean duen zabaltza bat aukeratu zuen; hartara, lurrak kentzeko lanak arintzeaz gain, zerumugan argia albait gehien luzatzeko abantaila ere lortu zuen.
Ingeniariak berak erabaki zituen alboko eraikinak izango zituen gela, biltegi eta gainerakoen nolakoak.
Kareharrizko zokaloa, erlaitza eta linternaren oinarria izan ezik, dorrea hareharrizko harlanduz eraikia da.
Kanpoko forma konikoa du, eta 14,7 m (53 oin) garai da. Argia ekinozioko itsasgoraren mailatik 79,3 m-ra (285 oinetara) dago, eta 18,8 miliako tangente bat dauka, argia urrutiago iristen bada ere.
Matxitxakoko itsasargi aparailua, lehen mailako eredu handia, bi zatitan osatua da: bata finkoa da, eta bestea, mugikorra.
Zati finkoa, halaber, beste bietan osatua da, alegia, gaineko eta azpiko katadioptrikoa, disposizio hau gabe galduko liratekeen izpiez baliatzeko asmoz.
Zati mugikorrak zirkunferentzia osoari heltzen dio, eta zortzi lentek osatua da, haietarik lau distirak emateko eta beste lauak argi finkorako.
Lenteok gurpiltxoen gainean pausatutako armadura bati loturik daude, eta haren azpian gurpil horzduna darama. Mihiztatze sistema bati esker, gurpil horzdunak errotazio mugimendua jasotzen du, erloju-makineria batean oinarritua, danbor bati kiribildutako soka baten muturrean dagoen pisua jaistean mugitzen da eta.

Santa Katalina

1878/5/9
Bartzelonako espainiar itsasontzi zentroak, joan den apirilaren 28ko bileran, honakoa ebatzi zuen: bere gain hartzea, hezkuntza eta instrukzioa ematearren, bost eta hamalau urte arteko adina duten sei ume, betiere Kantauriko kostaldean hainbeste ezbehar erakarri duen enbata ikaragarriaren biktima izan direnen umezurtzak.

San Anton

1874/11/13
Nabigatzaileen kalterako.
El Diario de San Sebastián egunkariak dioenez, hilabete honetan, oliorik ez dagoela eta, Getaria, Pasaia eta Santa Klarako itsasargiak itzali beharko dira,  gobernuak bestelako neurriren bat hartzen ez baldin badu behintzat.
Esan beharrik ere ez dago edonoiz, baina oraingo egoeran bereziki, zeinen larria litzatekeen halakorik gertatuz gero.

Zumaia

1875/7/17
Itsas hondamendia.
Itsas Ministerioak gaur bertan jaso dituen albisteen arabera, “Bayonés” merkataritzako bapore-ontzia zeharo galdu da Deba eta Mutriku artean lainopean. Kapitaina eta ganberako mutil bat ito dira. Lehorrera iristea izan duten eskifaiako 13 lagun, 4 ofiziale, 11 soldadu, 2 andre eta 2 ume karlistek harrapatu dituzte preso.

Igeldo

HERRILANEN ALDIZKARIA. (PDF)- Itsas argikuntza
Gipuzkoa probintziako itsasargi nagusia Igeldo mendikoa da. Hirugarren mailako eredu handia; haren argia Biarritz eta Matxitxako lurmuturreko itsasargienekin bat etorriko da.
Itsasargi honen proiektua Manuel Peironcely ingeniari jaunak egina da, zeinak aproposago iritzi dion tokiz aldatzea batzordearen irizpenean argi honi egokitutako kokapena; izan ere, erabakia zen bezala argi zaharraren dorre berean kokatu balitz, argi-fokua garaiegi geratu eta itsasoko laino eta lanbroek, estaltzearen ondorioz, argia ezkutatuko zuketen, noiz eta hain zuzen haren laguntza beharrezkoen litzatekeen uneetan.
Kokapen berriarekin, argi-fokua itsas mailaren gainean 130 m-ra egongo da.

1879/5/27
Donostiako Ateneoaren zenbait bazkidek luzatutako asmoa, itsas salbamendurako elkarte bat osatzekoa, gogotsu eta biziki ongi hartua izan da gizarteko taldeen artean, denak bat baitatoz kostaldeko herrietako familien artean dolua barra-barra hedatu ohi duten ezbeharrak saihesteko xede nagusiarekin.

1889/10/22
Larri-larri.
Ostiraleko itsasgora Donostian inoiz ezagutu den bortitzenetakoa izan da.
Agintariek, gerta litekeenari aurre egiteko eta nahigabeak ekiditeko, hondartzan oraindik geratzen ziren etxola guztiak Kontxako pasealekura igoarazi dituzte.
Errege-etxola ere albait arinen eraitsi da, pieza guztiak Mirakontxako pasealekura igoaraziz.
Makineriako tramankulu handienetako osagai batzuk besterik ez ziren falta, eta haien zaintzera geratu zen bigarren kontramaisu Juan Pita Hermida jauna, hormatzarraren kontra atxikia dagoen etxola batean.
Gainerako marinel gudariek Kontxako pasealekura lekualdatutako etxoletan eman zuten gaua, errege-etxolaren zaintzan.
Marinelen esanei fidaturik, eta gero Kontxan gertatutakoa sekulan ikusia ez zenez, Pita kontramaisuak lasai lo egiten zuelarik, itsasgoraren unean, goizeko lauretan, bat-batean uhin batzuek altura sinesgaitzetara igo, etxola txikitu eta itsaso barrenera eraman zuten.
Marinel zangarrak laguntza eskatu zuen; baina itsaso zakarraren zarata zela eta, kideek ez zioten entzuten. Orduan, irauli eta txikitutako etxolaren barruan baretasunari atxikitzeko gai izan zenez, leiho bateko kristala hautsi eta igerian lehorreraino iristea lortu zuen.
Itsas Armadako komandanteak Pita Hermida jaun kontramaisua zoriondu du, benetako kaiola batean itxita egonagatik ere ia-ia ziurtzat jo zitekeen herioari ihes egin diolako.

La Plata

1881/11/26
Donostiatik iritsitako telegrama baten arabera, bart Pasaiako portuan ainguratutako Trutsbergantin-goleta ingelesak Corouet fragata ingeleseko eskifaiako 18 lagun zekartzan, hilaren 3an itsaso zabalean hartuak, delako ontzi hura mastagabetua eta urpetua, zeraman zama zura zelako uhinen gainean zirauela, aurkitua baitzuten. Eskifaia jasoa izan zenerako, fragatak hamazazpi egun zeramatzan halako egoeran.

1882/10/15
Cardiffen matrikulatutako Welian Symington bapore-ontzi ingelesa iritsi da Pasaiara.
Portuan ainguratu duen handiena da ontzi hau. 3.000 tona garraia ditzake eta neurriak honakoak ditu: 300 oin eslora, 40 zabal eta 21 sakon. Dakarren kargamendua Estatu Batuetako garia da, Lasarteko irin-fabrikarako; 2.300 tona gari hauek direla eta, kalkulatzen da Pasaiako aduanetan, muga eta igarotza zergatan, 27.000 ogerleko inguru ordainduko direla, gehi portuko Elkargoari deskargatzeko eskubideengatik ordainduko zaizkion 8.000 pezetak.
1878an eraiki zuten ontzia, eta makineriak 200 zaldiko indar higiarazlea du.
Bapore-ontzi honen etorrerak argi eta garbi erakusten ditu Pasaiako portuak dituen ezaugarri natural onak, bai eta gero eta handiagoa duen mugimendu komertziala ere.
Aduanak 400.000 ogerleko inguru helarazten dizkio Estatuari urteko, eta burdinbide geltokiak, denbora berean, hamabi bat milioi erreal eskuratzen ditu.

Zokoko Itsasargia

- Kontuz ibili beharra dago, eta ez nahasi frantses armadako itsas infanteriak ondoan duen eta lanean jarraitzen duen semaforoarekin.
- André Pavlovskyk, Donibane Lohitzuneko itsasargiko arkitektoak, 1936an berrikuskatu zuen.

Biarritzeko itsasargia

- Ez zen obren hasiera adierazteko lehen harri sinbolikoa jartzerik, ez eta eraikuntzaren inauguraziorik ere, orduantxe egoera politikoa nahasi samar zebilen eta. Bai egin zela, obra bukatu eta lau urtera, “azken harria” jartzeko ekitaldi sinboliko bat.

- Itsasargiko ezkaratzean, itsasargien historian zedarri izandako bi gizon ospetsuren bustoak daude. Lehena, Augustin Fresnel (1788-1827), deitura bera daraman lentearen asmatzailea da, hots, itsasargi lentikularren sistema asmatu zuena. Bigarrena, Beautemps-Beaupré (1766-1854), hidrografia eta itsas topografiaren sortzaileetarikotzat hartua da.

Angelu Seinale-Dorrea

- Bigarren Mundu gerran, itsasargia Wehrmacht delakoaren agintepean egon zen.

- Baionan 1808an egon zen bitartean, Napoleonek bisita ugari egin zituen Baionako barrara. Han, harreman estua izan zuen Aturriko pilotuen nagusiarekin, eta behin baino gehiagotan eman zuen denbora seinale-dorrearen barruan.

Higer Lurmuturra

HERRILANEN ALDIZKARIA. (PDF)- Itsas argikuntza
Bere Maiestateak 1847ko irailaren 13an ebatzi eta onetsitako planaren arabera, Gasteizko Herrilanen barrutian bost itsasargi eraiki beharko ziren, haietarik hiru Gipuzkoako probintzian, eta beste biak Bizkaikoan. Honakoak dira lehendabizikoak ezartzeko  adierazitako puntuak: Higerreko lurmuturra, Hondarribitik gertu; Pasaiako portuko bokalea eta Igeldo mendia, Donostiako portuko sarreraren eskuinaldean.

 

1881/11/12
Madril 9.
Domu Saindu egunean tamaina handiko balea bat Hondarribiko hondarretara iritsi zen, eta sei bat metro sakon dagoen une batean hondoa jota geratu. Zereak alferrik egin zituen ahalegin bortitz guztiak itsasbeherak iraun zuen sei orduetan; baina askatasunez mugitzeko adina ur izan orduko, ahoa bete hortz utzi zituen lehorretik fusilez tiroka ari zitzaizkion gizagaixoak.

 

Igeldo


Higer


Webgunearen errealizazioa