eus | cas | fra 
Punta Galea Gorliz Matxitxako Santa Catalina Zumaia San Antón Igeldo Santa Clara La Plata Senokozulua Higer Sokoa Biarritz Angelu

Galea muturra

Galea muturrekoa da, mendebaldetik etorrita, Euskal Herriko lehen itsasargia.

Galea muturreko itsasargia 1852an piztu zen lehen aldiz, eta 10 miliako irispidera luzatzen zen. Dorrea txiki samarra du, 8 metrokoa.   

Azpiko lurrak itsasora labaindu zirela eta, 1950ean itsasargia lekualdatu behar izan zen. Gaur egun 19 miliako luzapenera iristen da.

Aspaldi handian, baleak ikuskatzeko talai gisa erabiltzen zen. Itsasargia egin aurretik, barkuak porturatzen laguntzearren, su-metak pizten ziren bertan.

Gaur egun linterna aire-itsastarrak, islatzaile katoptrikodun optika katadioptrikoak, merkuriozko askadun basamentuak, Chance etxeko erloju-makineriak eta 1.500 w-ko lanpara elektrikoak osatua da. Zortzi segundoan behin hiruna distira zuri emititzen ditu.

Primerako lekuan kokatua dago, Bilbo hiri handitik hurbil egon arren inguru berdeak ematen duen patxadaz gozatzeko moduko eremu gordean aurkitzen da eta. Hurbilen dituen hiriguneak Getxo, Algorta eta Areeta dira, 2, 3 eta 6 kilometrora, hurrenez hurren.

Getxon, gomendagarria izaten da Getxo Taxi Tour zerbitzu turistikoaren bidez bisitaldi gidatuak egitea, zeren eta, hari esker, taxiz egindako bi ibilbideetan, udalerriko kultura eta arkitekturaren altxorrak ezagutu ahal izango baitira.

Bilbon, derrigorrezkoa da Guggenheim Museoa bisitatzea, besterengatik ez balitz ere bere arkitektura ikusgarriarengatik. Erakusketa iraunkorrean Solomon R. Guggenheim Museum, Peggy Guggenheim Collection eta Guggenheim Bilbao Museoaren bildumetatik osatutako artelanak daude, zein baino zein joan den mendeko arte plastikoen adierazgarriago. 

Lokalizazioa


Lokalizazioa

 

Argazkiak

 

Gertaldiak eta Naufragioak

1880/8/6
Bilboko egunkari batek dioenez, arrantzale bati harrigarrizko bitxikeria gertatu zaio Areetan. Arestian, aparejua uretara bota eta aingira txiki batek heldu zion; uraren azalean harrapatzear zuen une berean, beste aingira bat, oso handia, abaildu zitzaion txikiari, eta mokadu batez jan, eta orduantxe, 40 edo 50 liberako itsas aingira bat agertu eta berak ere bigarren aingira irentsi. Arrantzaleak itsas aingirari eusteko ahaleginak eta bi eginagatik, azkenean aparejua hautsi eta ihes egitea lortu zuen, amua, jandako aingira biak eta guzti.
Bilboko lankideak aipatzen duen itsas aingira hori kontserbadorea izango zen.

1895/1/4
DENBORALEA
Hiriburu honetan sentitu den denborale zakarra orokorra izan da Espainia osoan, toki ez gutxitan biktima eta kalte ugariak eraginak baititu.
- Donostian baporeek eta txalupek ezin dute portua utzi.
Hain da indartsua haizea ezen eraikitzen ari zen etxe bateko horma bat ere bota baitu.
Egun osoan hotz handia eta elurra mara-mara egin du.
- Bilbon urte asko dira oraingoa bezalako denboralerik ez zela nozitzen.
Euria eta txingorra egiten du, etenik gabe.
Ibaizabal bete-beterik jaisten da.
Urakanaren indarraren indarrez, pasabideko txalupa batek tirabira egin du, eta txaluparia itota hil da. Koitaduak alarguna eta hiru ume utzi ditu.
Itsasoak eraso egin die Bilboko olatu-hormaren obrei, eta hondamendi batzuk eragin.
Bilboko beste txalupari batek, arraun egiteaz erabat unaturik, sinkopea jasan du, eta ospitalera eroanda, bertan hil da.
Castro Urdiales eta Salta Caballo artean dagoen kaia urak arrastaka eraman eta hondoratua da.
Galerak ez dira nolanahikoak. Bilboko bokalean arrisku handian egona da “Carolin” bapore-ontzia, Santanderrera zihoala Bilbon sartzean saiatu denean.
Bapore-ontziak Algorta parean aingurak bota eta galdu egin zituen.
Uhinek zubia alderik alde igarotzen zuten; baina, maniobra trebe bati esker, barkuak barra zeharkatu eta Portugaleteko kaietan ainguratu ahal izan du .

1881/6/11
Madril 8.
Txinako uretan duela urte erdia hondoa jotako Doña Telesfora barkuaren eskifaia Bilbora iritsi da. Naufrago bizkaitar hauek igeri eginez salbatu ziren, eta Sobi uhartean lau hilabetez bertako biztanleekin bizi izan dira, platanoa eta arroza besterik jaten ez zutela, harik eta itsasontzi ingeles bat hango kostatik pasa eta aberrira ekarri dituen arte.

 

1883/4/25
Bilboko egunkarietan irakurtzen ditugu dagoeneko telegrafoz jakinarazitako  Magdalena Vicenta bapore-ontziaren naufragioari buruzko xehetasunak:
Magdalena Vicentak hiru bidaiari zekartzan: Ondarroako txalupa baten patroia, emazte bat eta bere haurra.
Ubidean sartzeko tenorean, Thames bapore-ontzia trabatu zitzaion, eta Magdalena saihetsetik jo, hain zuzen itsas kolpe batek urpetu eta hondoratzen zuen une berean.
Magdalenako lau gizonek txalupa bat itsasoratu eta Santurtzira iristea izan dute; beste bi eskifaikide, berriz, Portugaleteko burdinazko kaiari lotzea lortu arren, hantxe hil dira koitaduak; beste bat, zorionekoa berau, salbatu egin da, kai berera igotzea lorturik.
Emazte gaixoa itota hil da; semea, itsasoak hondartzaraino bizirik egotziagatik, berreskuratu orduko hil egin da.
Thameseko txalupa bateanlau gizon sartu, eta bertan hil omen dira, antza, itsas kolpe batek tirabira eginarazita, gila gora begira jarriz; haietako bat uhinen kontra borrokan ikusi ahal izan da denbora laburrez, bertan hondoratutako Laura Guillieseko hondakin bati helduta.
Txalupa iraulia Algortako hondartzaraino iritsi da.
Hortaz, albisteon arabera, Magdalena Vicentako kapitaina, Jose Garatea lekeitiarra,  Bilbon oso maitea zena, makinaria eta haren semea, bapore-ontzi bereko beste marinel bat eta lehen aipatutako emaztea eta haurra itota hil dira.
Thameseko eskifaian ere ezbehar gehiago gertatu ote diren beldur gara; izan ere, esan bezala, iraulitako txaluparen lau kideak itsasontzi honetakoak zirela uste da eta.
Sanson atoi-ontziak Magdalena Vicentako lau marinel salbatu dituelako hotsa zabaldu da. Sansoneko kapitainaz laudorio handiak esan dira, zeren eta, ezbairik gabe, ezbeharren kopurua gutxiago izan zedin gogotik lagundu baitu.”

 

Iritziak

e-posta
 


Galea muturra

fitxa

izena Galea muturra
herria Getxo
udalerria Bizkaia
latitudea 43° 22,4' N
longitudea 3° 2,0' W
zikloa GpD(3)B 8s
garaiera img. 84 m.
dorrearen garaiera 8 m.
numeroa 00615
numeroa (int) D-1524
irispidea 19 mn.
dorrea Harrizko dorre zilindrikoa, etxebizitza.
   

Bizkaiako beste itsasargiak