eus | cas | fra 
Punta Galea Gorliz Matxitxako Santa Catalina Zumaia San Antón Igeldo Santa Clara La Plata Senokozulua Higer Sokoa Biarritz Angelu

Biarritzeko itsasargia

Biarritzeko itsasargiak herri osoa menean du, San Martin lurmuturreko gainetik. Izan ere, labarren gaineko mendixka malkartsu hartatik 360ºko ikuspegi panoramiko bikainaz goza daiteke, Landetatik Matxitxakora Pirinioetan barna. Aturriko bokalearen hegoaldean dago, eta Baionako portuaren hurbiltasuna adieraztea du helburu.
Kono-enbor formako dorre zuri itzela dauka, 47 metro luze neurtzen duena, eta fokua itsas mailaren gainetik 76 metrora dagoena. Hamar segundoan behin bina distirako sortak ditu ezaugarri. Optika ahaltsuari esker, 26 itsas milia luze iristen da.
Viennois arkitektoak diseinatu eta 1830 eta 1832 artean eraiki zen. 1861ean jatorrizko optika aldatu eta berria jarri zitzaion, lehengoa Contiseko itsasargira eraman zela.
1950ean elektrifikatu zen, eta 1980an, automatizatu.

Itsasargi hau eraiki baino lehen, su-meta handiak pizten ziren labar beraren gainean, marinelak portuaren hurbiltasunaz ohar zitezen. Gero, kostalde berean su egiteko dorreak eraiki ziren, itsaso zabaletik egunez ke lodia eta gauez suaren argia ikusi ahal izateko. Zerabilten erregaiaren izena jasotzen zuten dorreok. Dorre haietako bat Talaiako sapaldan zegoen, gaur egun Biarritzeko Itsas Museoa dagoen toki berean.

Oso gomendagarria da bertako Itsas Museoa bisitatzea, museoa ez ezik akuarioa ere baduenez Bizkaiko Golkoko 150 espezie baino gehiago ikusgai dituena, baita itsas txakurrentzako igerilekua ere. Biarritz bera da bisitagarri galanta, ez halabeharrez Eugeniak eta Napoleon III.ak hautatua, eta haien ondoren munduko elite osoak opor-leku bilakatua. XIX. mendearen erdialdeaz geroztik Frantziako hiririk abegitsuenetakoa da.
Itsasargia bisita dezake dorreko 248 mailak igotzeko prest dagoenak. Ahaleginak ahalegin, merezi du, benetan, ikuspegi ezin ikusgarriagoa baita. Urritik apirila bitarte, asteburuetan arratsaldez irekitzen da. Maiatz, ekain irailetan eta eskolaumeen oporraldietan, arratsaldero. Udan ordutegia zabalagoa da eta egunero dago zabalik, goiz eta arratsalde.

Lokalizazioa


Lokalizazioa

 

Argazkiak

 

Gertaldiak eta Naufragioak

- Ez zen obren hasiera adierazteko lehen harri sinbolikoa jartzerik, ez eta eraikuntzaren inauguraziorik ere, orduantxe egoera politikoa nahasi samar zebilen eta. Bai egin zela, obra bukatu eta lau urtera, “azken harria” jartzeko ekitaldi sinboliko bat.

- Itsasargiko ezkaratzean, itsasargien historian zedarri izandako bi gizon ospetsuren bustoak daude. Lehena, Augustin Fresnel (1788-1827), deitura bera daraman lentearen asmatzailea da, hots, itsasargi lentikularren sistema asmatu zuena. Bigarrena, Beautemps-Beaupré (1766-1854), hidrografia eta itsas topografiaren sortzaileetarikotzat hartua da.

1882ko azaroaren 18an,  “L´orphelin”, hots, Umezurtza izeneko brika saiatu zen Biarritzeko arrantzaleen portuan babesten, ekaitz larriari ihesi.
Portura sartzeko ubidetik arroketarantz desbideratua dagoela, sorosleak ahalegindu dira barkutik botatzen dizkieten buiak oratzen, baina ezin, hain dira bortitzak olatuak. Hala dabiltzala, barkuko bi marineli bururatu zaie txakur batekin helaraztea, bai eta lortu ere. Black ur-txakur bat zen, ur-hegaztiak harrapatzen iaioa. Buiak helarazita, txakurrari esker salbatu da eskifaia. Errusiako Alexander III. Tsarraren anai Alexis Duke Handiak domina jarri zion txakurrari, eta Errusiara eraman. Moskuko txakurren hilerrian lurperatua dago.

 

Iritziak

  1. -39 July 28, 2011, 5:18 am
    Wow, that's a really clever way of tikhinng about it!

e-posta
 


Biarritzeko itsasargia

fitxa

izena Biarritzeko itsasargia
herria Biarritz
udalerria Lapurdi
latitudea 43° 29' 383''N
longitudea 1° 33' 17'' W
zikloa 2 distira zuri 10 segundoan behin
garaiera img. 76 m.
dorrearen garaiera 47 m.
numeroa 80600
numeroa (int) D1410
irispidea 27 mn.
dorrea kono-enbor formako dorre zuria, beltza gainaldean
   

Lapurdiko beste itsasargiak